XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hala ere, ez nuke tranpa(gehiegi)rik egin nahi (gutxienez, asmo oneko tipo aski jatorra naizela pentsa dezazun: ai ene, vanitas vanitatum, mathaiotes mathaiotetoon...); eta horregatik, eta helburu dudan gogoeta kritikoaren amoreakatik ere bai oraingoan, serioski, berezi egingo ditut aspaldiko eta gaurko idazkerak, letra-molde banaz emango batzuak eta besteak, alegia, Txalapartako editore eta hala ere adiskideei, moldiztegiko arazo tekniko beti ere aurreikusgaitzen bat dela medio, nire eskakizun hau gaitzi ez bazaie behintzat.

Hartara, uneoro jakinaren gainean egongo zara noiz zer daukazun begien bistan, testu zaharra ala berria.

Zaharberritzeak ere egin ditut, ez pentsa.

Hiru motatakoak egin ere.

Lehena, logikoa oso: ortografia, morfologia eta lexikoaren aldetiko gaurkotzapena; honen aipamenik ere ez dizut egingo testuan barrena edo testuaren inguruko oharretan.

Bigarrena, maltzurxeagoa, borragoma operazioa-edo dei genezakeena da: hainbat pasarte desegokiren ezabapena; honelakoei bai, tarteka, iruzkinen bat edo beste erantsiko diet.

Eta hirugarrena, delikatuena dudarik gabe, eta horrexegatik hain zuzen ere kitzikagarriena, birgaitze-lana-edo deituko nukeena (birgaitze hitza gogoko ez baduzu, nik neuk ere ez dudan bezala, demagun-derragun restaurazio-lana, euskara klaroan, eta bakea): hots, 2. Aroko izkribuetan batez ere, erruz erabiliko dut baliabide hau, dela hainbat hutsarte narratibo betetzearren, dela zintzilik geraturiko edo denboraren poderioz higaturiko zenbait pasarte burutzearren; baina, beti ere, letra-molde diferentearengatik igartzeko moduan.

Kapitel gotikoetako munstro likitsak gaur egungo harri berritan kopiatzen-osatzen lihardukeen Artearen Historiako eruditoa datorkit gogora gonbarazio baterako, nahiz eta gonbarazio harroxkoa iruditu ere iruditzen zaidan.